Gure asmoa
Atzerrietan barna gabiltzala-ta, geroago ta euskera urriago darabilgu. Arrezkero,gure izkeraren etorkizuna goibel ageri da. Erdera non-nai sartu nairik dakusgu. Guda-ekaitzak yota, Yaungoikoaren esku-begidunaren mendean, eguzkipeko bazterretan an or emen barreiatutako euskaldun zintzoenak euskera galtzeko zorian daude. Euskel-idazleak berak aspaldi ontan ixillik daude. Guda-aurrean iñolako garra iritxi zigun euskerak. Bazterrak arrotu ta arritu ziran. Euskeraren aldeko ekiñaldi artan euskel-olerkariak genitun aurrerengo gudari. Orixe Lizardi, Lauaxeta, Loramendi, Yauregi, Barrensoro, t. a. Oietatik zenbaitek betiko agur egin digute, Yainkoak ala naita. Oraindik bizirik dauden euskel-idazle ta olerkariak iratzarri nai ditugu, euskeraren alde bildu gaitezen.
«EUSKO-GOGOA»k dei eginda gatoz guziok. Non-naiko alderdietatik: iparralde, egoalde, sortalde ta sartaldetik. Eguzkiaren galdapean, zuriaren zuriz dizdizka dauden eskualdeak ezagunak ditugu: baita, urte-erdian, elurpean datzaten aldeak ere izoztu gaitue. Alare, eusko-gogoa geroago ta barnerago ezagutu ta azaldu nai dugu: euskeldunaren biotzondo, zarrada ta ikarak. Ez diogu otsemallearen antzera, aurrera, mutillak, yo barnera baño. Yo ezak, etengabe, barneruntz: barnean baiduk izararri dizdizkorra: mamia ale bikaña, azala gogorra.
Arrezkero, euskeraz bakarrik idatzi nai dugu, eusko-gogoaren barne-muiñetaraño eldu gaitezen: azkatasunaren giltza galdu bai-dugu, euskera galdu ezkero; eta bere izkera galdu dun erriak, erri berri eta zindoen artean bizitzerik ez du artze. Soiñez iñoren morroi gogoz, ordea, bere buru-yabe dan erria, iñoiz ezpaita iñoren yopu izango, naiz-ta egoera lazgarriena izan. Beraz, gure azkatasun osoaren egun aundirako, urren izaki gure buruak gertu bear ditugu.
Orregatik, atzerrietan barna gabiltzan euskel-idazleok oro elkartu ta «EUSKO-GOGOA» deritzaken euskel-aldizkaria sortzea erabaki dugu. Ipui, olerki, edo antzerki edo beste azalpenen bat euskeraz ba'duzu, bidali iguzu, otoi. Edota, beste ezagunen batek alako lanen bat ba'du arren, gure asmoaren berriemaiozu.
Datorren urtearen Ilbeltzean, «EUSKO-GOGOA» deritzan aldizkaria ateratzeko gera-ta, len-bai-len gure deyari erantzungo al diozu.
¡Agur, Yaunak!
EUSKO-GOGOA. Zaitegi ta Plazaola'tar Iokin.
Apartado Postal, 624. 6a Avenida Norte, 11.
Guatemala, C.A. Instituto América
Guatemala, C. A.
(Arpide zuzenbidea) (Argitaratzeko lanen zuzenbidea)
|